XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina adorea da gizon guztiek lor ez dezaketen dohaina, eta gizon izutua haizearen menpe dagoen hosto modukoa da, eta berarentzat ez dago besterik, ezpada bere izua; eta horrek bultzatzen du nahi ez duena esatera eta egitera.

Toledo zen, garai hartan, gure arbasoak bizi ziren hiria.

Aitonen aitona bat, berea eta semeen bizitza salbatzearren, kanpoko itxuraz aldatu zen, baina ez barrukoan; eta berarekin bat, etxeko guztiak.

Horrela joaten ziren mezatara igandero eta jai-egunetan, barau eginez Garizuman, eta Elizaren aginduak zuzen betez; baina beren bihotzak Moiseren Legean zeuden finkaturik, eta isilpean errezatzen zioten Adonairi, ezkutuka gordetzen zuten zapatua eta ezkutuka ospatzen Bazko egunak eta jaiak.

Dena egin zen, harrez gero sekretupean.

Sekretupean bizitza; heriotzea ere sekretupean.

Eta horrela, beti sekretupean, iritsi ginen 1481.eko urte gaizto hartara; zu ezin oroitu ttiki-ttikia zinen eta.

Bat-batean, Inkisizioko ofizialez bete zitzaigun etxea.

Ezingo naiz inoiz ahaztu.

Zure aitona salatu zuen baten batek, ez genuen jakin nork, Epaitegi horretako gauzak hain dira sekretuak...

Judutar izatea leporatu zioten.

Eta zure aitonak ez zuen ukatu bere errua eta ez zuen erakutsi damurik, orduantxe pozez, harrotasunez eta beldurrik gaberik, atera baitzitzaion egun-argira barruan gorderik zuen judutarra.

Salmoak kantatzen zituen ziegan eta Moiseri eta Profetei deitzen zien ahots goratuaz.

Ondorenean, tormentupean, ez zioten hitz bat bera atera erazi, loriazko eta gorazarrezko salmorik ez bazen; ez zuen inor salatu, ez (...)